XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hamairu urteko eskarmentua du Marylandeko irakaskuntza ertainetako kolejio batean metodo hau erabiliz.

Urteen joanean ikasle asko ikusi du oso maila altuetara iristen.

Era berean, ikusi du nola mudatu den kolejioko ingurugiroa arau sugestibo-soziala ezarri ahala, eta zenbat handiko onura izan duen kolejioak horrekin.

Gauza ikusgarriak gertatu zaizkio bere ikasleekin.

Hauetako bat arazo askorekin eta bizitzan eta bizitzarekin ezer egiteko gogo handirik gabe etorri zitzaion kolejiora.

Graduatu eta handik bi urtera paper nagusia egin zuen Broadway-ko antzerki-lan handi batean.

Beste ikasle batek idazmenaren alorrean oztopo larriak zituen; kolejioan sartu eta hurrengo urtean artikulu bat argitaratu zuen bere eskualdeko egunkariaren lehenengo orrialdean.

Horrenbesteko emaitzak lortu dituen programaren osakin nagusiak aztertuko ditugu orain.

Thornton-en arau sugestibo-sozialaren modu berri bat sortu da.

Ohizko eskoletan, maila guztietan du lekua lehia-giroak.

Thornton-en, ordea, ikasleek arrakasta akademikoari eta adimenaren hazkuntzari balioa ematen, besteren aurrerapenekin harrotzen eta norberaren babeserako erabili ohi diren jokaerak alde batera uzten ikasten dute.

Lehiatasuna dela medio, kolejio horretara joaten diren ikasleen ezaugarri ohizkoetako bat gazteak nolarebait besteak baino gutxiago direla uste izatea da; gutxiago jakitea gutxiago eta gaizkiago pentsatzen den seinalea bait da horrelakoentzat.

Kolejio honetako filosofia horren kontra-kontrakoa da.

Peter Kline-ren eta Thornton-eko beste irakasleen ustez, pentsatzeko behar den heldutasunaren jabe da gaztea.

Horrela pentsatzeak erro-errotik aldatu ditu jokaerak.

Ikasleekiko lanak sentipenei zabalik egotean du oinarria, gerta daitekeena aztertzeko gogoan eta milaka galdera egitean.

Peter Kline-ren ustez, egungo hezkuntz arauek egiten duten kalterik handiena kolejioez pentsatzen denaren ondorio da.

Izan ere, biharko langileak hezteko eginkizuna besterik ez duten lekutzat hartuak bait daude.

Portaera neurritsua eta agindutakoa betetzeko abildade bitxia garatzea da, noski, hezkuntza.

Gaurregun, Kline-ren ustez, ez dugu jadanik agindutakoa betetzen dakien jendearen beharrik.

Beren kabuz pentsatzen dakiten pertsonak behar ditugu, beren inguruko egoera ebaluatzeko eta hobetzeko gauza izango direnak.

Sormena suspertzeko Klin-ek erabiltzen dituen printzipio oinarrizkoak aipatuko ditut orain.

Ikasle bakoitzaren gaitasuna serioski aintzakotzat hartzen duen arau sugestibo-soziala ezartzeak gaitasun hori bera handitzea ere badakar berekin, hau ikasle horren guraso eta irakasle ohientzat pentsaezinezkoa baldin bada ere.

Thornton-darrek ez dakite gaitasun horrek norantz joko duen, baina handituko dela ziur daude.

Oso zaila da kritika ezkorra nagusi den giroaren barnean garatu eta aurreratzea.

Peter Kline-ren printzipio sugestopedikoetako bat da hamar komentario baikor egin behar direla komentario ezkor bakoitzeko.

Ikasleek edozein kritika jasoko dute, eraso pertsonalak ezik.

Ume bihurtzea da beste giltzarrietako bat.

Irakasle-ikasleek jolas fisiko eta filosofikoak egin behar dituzte beren kabuz; eta hau, besterik ematen duen arren, heldutasunerako bidea da.

Inputean, integrazioan eta aktibazioan datza irakaskuntz prozesua.

Sugestopedian kodifikazio batek ematen du inputa, kontzertu-emanaldiak integrazioa eta jolas, eztabaida eta proiektuek aktibazioa.

Sugestopediak hainbeste handiko indarra izateko arrazoietan bat hauxe da: azpikonszientea kontzertu-emanaldiaz baliatzen dela material berria lortu eta integratzeko.

Burmuinaren bi aldeak harmonia oneko erlaziotan jartzen direlako gertatzen da hori.

Uste denez, eskuineko aldea irekitzeko indarra du musikak eta ezkerrekoa lasaitzekoa.

Informazioa epe luzera irensten da, inolako esfortzurik gabe.